452ºf aldizkaria dagoeneko 8. zenbakira iritsi da eta Subjektu poetiko garaikideak monografikoarekin ospatzen du bere bosgarren urteurrena. Hura osatzen duten artikuluek egungo poesiaren sorkuntzan sakontzen dute, ni lirikoaren irudikapen berrien analisiaren bidez zein ikuspegi teoriko ezberdinetatik, literaturaren teorian eta literatura konparatuan gaiari buruzko ikasketak berrikusteko eta eguneratzeko beharra agerian jarriz. Horretarako bide ugari proposatzen dira: tradizioa eta esperimentazioaren arteko elkarrizketa, testuan azaleratzen diren alteritateekin lotutako subjektu poetikoaren eraikuntza, edo nazio imajinarioen subertsioaren azterketa, besteak beste. Era berean, zenbaki honetan biltzen diren literatura ezberdinen musikalitateak zeharkatzen ditu orriak: galegoa edo katalana, espainiarra edo frantsesa, errumaniarra eta txiletarra.


Helena Gonzálezi eskerrak ematen dizkiogu zenbaki honetan parte hartzeko gonbidapena onartu izanagatik. Como prenen elas da nación? Sobre a poesia épica a comezos do século XXI artikuluan, Ana Romaní eta Chus Patoren obrak baliaturik, narrazio epikoaren forma poetikoen eraldaketa eta subertsiotik abiatzen da nazio komunitatea kontzeptuaren inguruko problematika aurkezten du. Ezberdintasun sexualaren ikuspuntutik nazio identitatearen irakurketa berria proposatzen du. Modu paraleloan, Il·legibilitat i tradició en la poesia experimental izeneko artikuluan Margalida Ponsek desjarraitutasun, etendura eta kontraidazketa kontzeptuetan sakontzen du, ez continuum poetikoari eragiten dion hiato bezala, kultura transmisiorako bide gisa baizik. Horrela, Ponsek, poesia esperimentalaren barruan sailkaturiko Carles Hac Mor, Vicenç Altaió edo Víctor Sunyol bezalako autoreetan Gabriel Ferrater obra poetikoaren harrera eta berrirakurtzea ikertzen ditu. Gainera, irakurtezinaren dimentsio semiotikoa gehitzen du eztabaida honetara.


Jarraian datozen artikuluak alteritateen poetikaren eta hizkuntzaren eta enuntziazio poetikoaren mugetatik abiatzen den subjektu lirikoaren eraikuntzaren eremuan txeratzen dira. Natalia Izquierdo E. M. Cioranen idazkera aforistikoan murgiltzen da, bere gorputz-itzulia eta fisikoa aztertzea, eta idazketa ezagutzaren teoria bihurtzeko gai den niaren zabalkuntza kartografiatzea helburu. Begoña Capllonchek, La construcción del sujeto lírico en la poética objetual de Francis Ponge artikuluan objektibitatearen ezintasuna defendatzen du. Subjektua ezabatu edo nahita lausotzeak ez du testua objektibo bihurtzen, aitzitik, kamuflatzeko estrategia agerian jartzen du. Azken batean, poetaren Musa objetuala trebetasun ugarien jabe izan arren, objektibotasuna desideratum utopiko bat da. Izan ere, ni / bestea enuntziaziozko polaritatea eratzen duen harreman dialogikoak Miquel Angel Riera era disimulatuan bere burua haraindiko subjektu eta gizatiarra denaren eredu bete eta sendo izendatzera darama. Hori da Cèlia Nadalek El paper de l’alteritat en la construcció del subjecte poètic en l’obra de Miquel Àngel Riera izeneko artikuluan proposatzen digun irakurketa. Joan Margariten nia, bestalde, poema-bilduma batetik antologia batera, 1975etik 2004ra igarotzen bada, ezin gaitu harritu, iragaite horretan, bizipen despertsonalizatuetan sakontzeko gai den esperientziaren poesia deitutakoak ikuspegi zabalago bati leku eman izanak. Berridazketa patxadatsu horren adibide da Noemí Acedok De Barcelona a L’Illa del Tresor. Lectura comparada de Crónica y Restes d’aquell naufragi, de Joan Margarit artikuluan aztertzen duena.


Azkenik, imajinario poetikoen irudikapena eta berresanahiaren eremuan, Macarena Urzúak, “hango aldekoa” –Cortázarrek esango zukeen bezala—, Hirurogeita hamar urteetako eta diktadura ondoko Txileko paisaia poetiko konplexuaren berrikuspena eskaintzen digu. Paisaia eta hiria norbanakoaren eta kolektiboaren oroimenaren gordetzaile pribilegiatuen kategoriara igoko dira: autoreak Finis Terrae berri hartatik igortzen digun konpromiso eta poesiazko irakaspena.


Ospa dezagun, bada, subjektu poetikoen irudikapenen gaineko analisirako parametro berriak planteatzea eta, forma, emozio eta identitatearen arteko negoziaziorako eremu gisa, generoaren mugak ezegonkor bihurtzearen aldarrikapena helburu dituen monografiko honen argitalpena.


Miszelanea atalean, Hana Fayezek labirinto beckettiarraren pasadizo ironikoetan barrena gidatzen gaitu: The Trilogy: Molloy, Malone dies and the Unnamable obraren paradoxak erraz gera daitezke agerian irlandar maisuak nahita eta umore handiz erabiltzen duen aho biko aporia disolbaezin gisa aztertuz gero. Testuartekotasuna eta aldakortasuna, Fayezek trebetasun bereziaz kokatzen dituen ispilu exegetikoak osatzeaz gain, zorroztasun handiko tresna bilakatzen dira Mauricio Zabalgoitiaren eskuetan (El sujeto de arriba y el sujeto de abajo. Representación y subjetividad en José María Arguedas y José Revueltas). Bi eleberri garaikide horien azterketan konparatiboan zehar zehaztasun teoriko inbidiagarria erakusten duen analisian sakontzen da. Zalantzarik ez da Arguedas eta Revueltasek behin-behineko antzekotasunak partekatzen dituztela beren sistema literario nazionalei eta sorkuntza aldiari dagokienez; halere, Zabalgoitiak eskaintzen digun arreta handiko begiradapean indigenismo ezberdinak, kontraste dialektalak, eta, azkenik, guztiz bat ez datozen ideologiak eta kontzientziak deskubrituko ditugu. Atala ireki eta ixten duten bi artikulu, kontraesanetan oinarrituak biak, desegin ezean ezagutzera emandako kontraesanetan, hain zuzen.


Amaitzeko, iruzkinak atala hurrengo artikuluek osatzen dute: Anna Maria Iglesiasena, Massimo Cacciariren La Ciudad liburuari buruzkoa; Francisco Piñónena, Zygmunt Baumanen Mundo Consumo. Ética del individuo en la aldea global obrari buruzkoa; eta Fabrizio Toccorena, Àlex Matasen La ciudad y su trama. Literatura, modernidad y crítica de la cultura lanari buruzkoa.

 

FaLang translation system by Faboba

index

miar ccuc csic dialnet doaj e-revistas isoc latindex MLAracoresh
lista de emails
click sinuca

chfyavbh88y FilmOneTorrents http://filmonetorrent.blogspot.com/4cd3