Memoria eta identitate kolektiboa literatura konparatuan


Azken urteotan, memoria kezka iturri nagusi bilakatu da mundu osoko gizarteetako kulturetan eta politiketan. Gizarte, historia, politika, kultura, teknologia nahiz merkatuari lotutako arrazoi ezberdinek eragin dute <<memoriaren boom>> hori. <<Memoriaren industria>> bat garatu da, eta produktu kultural horiek diskurtso identitarioak sortzen eta indartzen dituzte.


Alde batetik, diktadura, gerra, hilketa eta genozidio ezberdinen memoria aldarrikatuta, iragan traumatikoa ahanzturatik gordetzeko borondatea dago. Demokratizazio diskurtsiboaren aldeko jarrera bat ere nagusitu da (lekukotasunezko literaturaren gorakadak erakusten du), eta demokratizazio hori irabazleek letra larriz idatzitako historia apurtzeko gai da. Askotan nabarmentzen da, gainera, iraganera begiratu behar dela oraina ulertu ahal izateko eta belaunaldi berriei kontzientzia harrarazteko, pasatako izugarrikeriak errepika ez daitezen. Horrela, metodologia historiografiko berriek ikuspuntu ezberdinak hartu dituzte, orain arte diskurtsoak osatzean baztertuta egon diren ikuspuntuak, hain zuzen ere.
Hala ere, oroimena eraikitako diskurtso bat da eta iraganari buruzko diskurtsoak oraineko interesen eta sinesmenen arabera filtratzen dira; beraz, beharrezkoa da historiografia berri hori kritikoki aztertzea, <<memoria gehiegikeria>> posibleak agerian uzteko. Hainbat egile, politikari, kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzailek salatu izan dituzte gehiegikeria horiek (Todorov-i zor diogu <<memoria gehiegikeria>> terminoa, izen bereko lanari esker).


Bereziki interesgarria eta konplexua iruditzen zaigu iraganaren etengabeko berridazketaren eta identitate kolektiboen sorkuntzaren arteko harremana; izan ere, Halbwachs-ek azaltzen duen bezala, memoria kolektiboak batu egiten ditu iragana eta oraina eta norbanakoa eta taldea. Ildo berean, orainaldiko ikuspuntu subjektibotik oroimena berreraikitzeko hainbat egilek erabili dituzten estrategia diskurtsiboak interesatzen zaizkigu, loturak ikus baititzakegu narratzeko moduen eta borondate ideologiko ezberdinen artean.


Memoriari buruzko ikerketan zailtasunik handienetako bat da aldarrikapen politiko bakoitza berezia eta aldakorra dela, orainaldiko faktore sozio-politikoen arabera. Baina, era berean, elkarri lotutako identitateak eta politikak dituen mundu global honetan, <<memoria historikoari buruzko diskurtso ezberdinak gurutzatu eta gainjarri egiten dira mundu osoan, mugak gaindituaz eta bata bestearen kontra errebotatuaz, batzuetan, memoria historikoa bera ezkutatuaz eta ahaztuaz, eta beste batzuetan, indartuaz>>, Huyssenek duela gutxi Metropolis aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez.


Beraz, iragana berreskuratzea orainaldiko ideologiei lotuta dago, eta memoriaren ikerketa ez da azterketarako tresna bakarrik, baita testuinguru garaikidea eraldatzeko palanka ere. Hori horrela izanik, beharrezkoa iruditzen zaigu jarrera kritikoa aldarrikatzea, behar bezala bereizi ahal izateko <<memoriaren eginbeharra>> (ebaluazio etikoa egiten da iraganera begiratzean, Lozano Aguilarrek Decir, contar, pensar la guerra lanean dioenez) eta aldarrikapen horien ondotik etor daitezkeen gehiegikeria politikoak. Gainera, uste dugu kritikaren eginkizuna dela, ahal den neurrian, diskurtso gerrazaleak gainditzeko estrategiak iradokitzea. Honegatik guztiagatik, ondorengo ikerketa ildoak proposatzen ditugu monografiko honetarako:


    1-Kultura ekoizpenaren, memoriari buruzko diskurtsoen eta identitate kolektiboen sorkuntzaren arteko harremana.


    2-Lekukotasunezko literaturari buruzko azterketak: Memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko harremana.


    3-Identitatearen izaera aldakorra: oroimenaren ikuspuntu aldaketa testuinguru historiko sozialaren arabera.


    4-Estrategia narratiboen eta oroimenaren zama ideologikoaren arteko harremana.


    5-Memoriaren inguruko kultura ekoizpenaren instrumentalizazio politikoaren azterketa.


    6-Memoriari buruzko diskurtsoak gainditzeko estrategiak.


    7-Memoriari buruzko diskurtsoak mugaz gaindiko diskurtso politiko gisa. Diskurtso ezberdinek leku ezberdinetan duten eraginaren azterketa, produktu kulturaren bidez.

Ana García
Izaro Arroita

FaLang translation system by Faboba

index

miar ccuc csic dialnet doaj e-revistas isoc latindex MLAracoresh
lista de emails
click sinuca

chfyavbh88y FilmOneTorrents http://filmonetorrent.blogspot.com/4cd3